Saludos de LAB Sindikatua – versión en Euskera «El pueblo Unido»

 

El pueblo unido jamás será vencido. Txile, 1973. Herria, batua, inoiz ez garaitua. Euskal Herria, 2021. Borrokarako kantu hau, sortu zenetik milioika bihotz iraultzaile hunkitu dituena, eta mundu osoko protesta ekintzetako oihu ere bilakatu dena, euskarazko bertsiorik gabe zegoen orain arte. Horretaz oharturik, Sergio Ortega musikariak eta Quilapayún bandak duela ia mende erdi eginiko eta zabalduriko kanta euskaratzen ausartu da LAB sindikatua; eta Andreina Jolin Iruñeko musika taldeari eskatu dio emakume doinua paratzeko. Txileko kantak aipatzen duen “herria” ez da, noski, Euskal Herria; 1973. urtea 2021 ez den bezalaxe. Hartara, kantuak Txileko lurrak aipatzen dituen tokian euskal lurraldeei egin zaie erreferentzia. Eta batean zein bertzean, herriaren batasun gogoa aldarrikatzen du kantak, ikuspegi itxaropentsu, garaipenezko eta, agian, xaloegi batekin. Baina ez da ahazten ahal borrokarako kantu bat dela, iraultzaileak martxan jarri nahi dituena; langileak adorez, maitasunez eta elkartasunez bete nahi dituena. Eta, begirada horrekin, LABek pentsatu du kantu honen euskarazko bertsioak bazuela tokia langile klasearen batasunaren aldeko eta Euskal Herriaren batasunaren aldeko borroken kantutegian, edonork edonon edonoiz erabil dezan. Ikusteko dago kantak bere bidea eginen ote duen, ea benetan loratuko den. Baina, bederen, dagoeneko hemen dugu, borrokan bidaide.

Euskal Herria, 2021eko maiatzaren 1a